Atzo, Abenduak 20, Mobi Bik eguna ospatu zuen Aspanovas-ek (Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak) Zarautzen. Markel Irizar eta Zubeldia anaiek irailean abian jarritako ideia xumea handituz joan zen Aspanovaseko lagunen, pailazoon, Zarauzko Udalaren eta talde zein banako babesleen partehartzeaz.
Goizean goiz hainbat txirrindulari profesionalekin batera herrian zehar bizikleta-martxa batekin hasi ziren haur eta gurasoak. Ondoren, azoka, txistorrada, tailerrak, bertso saioa eta abar izan zituzten, eta goxo-goxo bazkaldu ostean ginkana-katxondeoari ekin zioten kirolari ezagunekin. Arratsaldean, pailazookin batera kantu eta dantza aritu ziren Irrien Lagunen jaialdian hamaika kiroletako kirolari talde galanta, eta kultur munduko beste lagun mordoska ere: irrati-telebistako esatariak, aktoreak, musikariak, kantariak, dantzariak, bertsolariak, idazleak…
Jende andana bildu zuen egitarau oparoak, eta ezin hobe eman zioten antolatzaileek amaiera, iluntzeko hotzari aurre egiteko txokolate beroaz.
Pailazoon saioan zehar ateratako argazkietan ikus dezakezuenez, asko eta asko izan ziren egunero lanean diharduen Aspanovas elkarte txiki-handiari elkartasuna eskainiz, oholtzan une batez sudurgorri bilakatu zirenak.
Gune honek Gavatar erabiltzen du.
Azaltzen den iruditxoa aldatu nahi dezu? Hemen egin behar dezu.